Ordu erdiko geldialdia egin dute Oiangurenen eskola garraio publikoa aldarrikatzeko
Oiangurengo beste ikasle, irakasle eta guraso eta inguruko herrietako alkate, zinegotzi zein herritarrak zeuden deituta parte hartzera. "Oraingoan Zaldibiari tokatu zaio, baina eskualde osoa geratu daiteke egoera berdinean, metroka neurtzen badituzte garraio eskubideak", esan dute adierazpenean.
Oianguren institutuko atarian eskola garraio publikoaren alde egindako elkarretaratzea, gaur goizean.Laida Goiburu Zaldibiako herritar eta guraso batzarrak deituta, ordu erdiko geldialdia egin dute hamarnaka guraso, ikasle, irakasle zein herritarrek gaur goizean Ordiziako Oianguren institutuko atarian eskola garraio publikoa aldarrikatzeko, Eskola garraio publikoaren alde, murrizketarik ez! leloa zeraman pankartarekin.
Uztailean hasitako mobilizazioekin jarraitzen dute. 164/2024 dekretuan jasotako artikulu batean oinarrituta, Hezkuntza Sailak Zaldibiako DBH3 eta DBH4ko ikasleei eskola garraioa kendu die ikasturte hasieratik. Artikulu horren arabera, DBHko ikastetxetik 4 kilometro baino gutxiagora bizi diren DBH3 eta 4ko ikasleek ez dute eskola garraio zerbitzurako eskubiderik. Zaldibiako autobus geltokitik Ordiziako Oianguren institutura 3,8 kilometro daude, eta hori argudiatuta Zaldibiako maila horretako ikasleek ez dute zerbitzua jasoko. DBH1 eta DBH2koen kasuan, 2 kilometrokoa da distantzia muga.

Gaurko elkarretaratzea hasi aurreko uneak.Laida Goiburu
Dekretuak ezartzen du bide egokia ez denean salbuespenak egin daitezkeela. Zaldibia eta Ordizia arteko bidea ia bazterbiderik gabeko bidea da, bihurgune askokoa eta trafiko askokoa. Hala azaldu zuen guraso batzarrak irailaren hasieran egindako prentsaurrekoan. Baina Hezkuntza Sailak arau orokorrari heldu dio Zaldibiaren kasuan. Irtenbide modura, joateko garraio publiko erregularra erabiltzea proposatu zien Hezkuntza Sailak, eta itzulera eskola garraio bidez egitea.
Era berean, adin txikikoek autobus linea erregularra erabiltzean eserita bidaiatu behar dutela ezartzen du arau orokorrak, eta guraso batzarrak gaitzetsi du kasu horretan Hezkuntza Sailak zutik bidaiatzearen salbuespenari heltzen diola, “segurua dela argudiatuta”.
Eskualdeko beste herri batzuetara
Egoera horren aurrean, gurasoek planto egin zuten, eta, lehen eskola egunean, hamabi ikasle eserlekurik gabe geratu eta berandu iritsi ziren eskolara. Ikasturteko bigarren astean, Lardizabal herri eskolako eta Oianguren institutuko ikasleei planto egiteko eta ikastetxera ez joateko deia egin zien guraso batzarrak, eta Zaldibiatik Ordiziara oinez joan ziren, ondoren atarian elkarretaratzea egin eta eskola garraio publikoaren aldeko pankarta margotzeko.
BIDEOA: IÑAKI GURRUTXAGA
Kezka eta haserrea piztu du Zaldibiako herritar eta gurasoengan egoerak. Gaur goizean egin dute azken mobilizazioa institutuko atarian, eta Zaldibiako ikasle eta gurasoez gain, Oiangurengo beste ikasle, irakasle eta guraso eta inguruko herrietako alkate, zinegotzi zein herritarrak zeuden deituta parte hartzera. “Oraingoan Zaldibiari tokatu zaio, baina eskualde osoa geratu daiteke egoera berdinean, metroka neurtzen badituzte garraio eskubideak”, esan dute gaur irakurritako adierazpenean. “Legorreta, Ormaiztegi, Idiazabal, Itsasondo, Gaintza, Segura, Altzaga… nork daki zer kalkulu egiten ariko diren datozen urteetarako”.
Sailburuaren jarrera gaitzetsi dute
Guraso batzarraren esanetan, “eskola garraiorako eskubiderik gabeko figura sortzea oso larria” da, eta “diru murrizketak hor egitea arduragabekeria handia”.
Hezkuntza Sailak hartutako jarrera ere gaitzetsi dute, eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak irratian esandakoak “gezurrak” direla esan dute: “Ez zen inongo adostasunik lortu, bakar-bakarrik hitz egin egin zen, irailean zehar beraiek, bertatik bertara ikuskatuko zutela autobus linea erregularraren funtzionamendua. Lau egunetan etorri ziren, eta beraien kotxetik atera ere egin gabe, garbi ikusi zuten, ez direla ikasle guztiak eserita kabitzen linea erregularreko autobusean eta herritarrentzat ere ez dela eserlekurik gelditzen”.

Ikasle, irakasle eta herritarrak gaur, pankartaren atzean.Laida Goiburu
Gurasoek azaldu dutenez, Amaia Urzelai Hezkuntza Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzaren ordezkariak “horrela zela konturatzen zirela” esan zien, baina zutik bidaiatu beharko zutela ikasleek. “Pedrosak dena gezurra esan zuen, edo baliteke, beraien arteko komunikazio arazo bat izatea ere”.
Amaitzeko, eskola garraio publikoa “berehala berrezartzea” eskatu dute: “2026an, Europan eta Euskal Herrian hau eskatzen aritu beharra kezkagarria da”. Ioritz Berra Zaldibiako alkateak eta Adur Ezenarro Ordiziako alkateak hartu dute hitza bukaeran, babesa adierazteko.













