Legazpiar maiteok, agur:
Legazpin urte asko bizi izandako herritarrak gara. Azken urteotan, Hernanin bizi gara, eta, “Atez Ate”koaren prozesu osoa bizi izan dugu herrian. Hauxe izan da gure bizipena.
Duela 3 urte, “Atez Ate”koa jarri behar zenean, eztabaida handia sortu zen herrian. Bazirudien, gure egunerokoan, eragin handia izango zuela. Izan ere, bizitzako edozein esparrutan, aldatzea kosta egiten da.
Behin “Atez Ate”koa martxan jarrita, gure egunerokoan ez du suposatu ia aldaketarik. Lehen, 4 kontenedore zeuden, eta 4 sailkapen egiten genituen etxean: papera, plastikoa, beira eta zaborra. “Atez Ate”koarekin, bosgarrena gehitu da: organikoa. Beraz, “Atez Ate”koa jarri aurretik etxean sailkatzen zuenari ez dio apenas aldaketarik suposatu.
Emaitzak, aldiz, izugarri handitu egin dira. Izan ere, 4 kontenedore zeudenean, % 28 birziklatzen zen, eta, orain, “Atez Ate”koarekin, % 82. Bada aldea, ezta? Horrek, poz handia sortzen digu herritar gisa, bakoitzak egiten duen ahalegin txikiarekin halako hobekuntza handia lortzeagatik.
Bada beste datu kuriosoa. Lehengo 4 kontenedoreetatik bat soilik mantentzen da kalean, beirarena. Kontenedore horretan, orain, lehen jasotzen zenaren bikoitza baino gehiago jasotzen da. Zergatik izango da?
Gure seme-alabak beste herri batera doazenean, harritu egiten dira hondakina sailkatzeko zakarrontziak ez badaude, eta, ilaran egoten diren kontenedoreek “usain txarra, kiratsa” botatzen dutela diote. Hau da, gazteen ohitura, ekologia kontzientzia, aldatzen ari dela esan genezake.
Helburua, birziklatzea bada, “Atez Ate”koak eskaini du, orain arte, emaitzarik onenak. Hori dela-eta, “Atez Ate”ko ordezkariak goraipatuak izan dira Europan.
Bai, modu eraginkorrean birziklatzeak merezi duela uste dugu; seme-alabei, ilobei eta ondorengoei, guk jaso dugun Ama-lurra ahalik eta bizigarriena uztea, egin diezaiekegun herentziarik ederrena delako.
Beno, legazpiarrok, gure esperientzia kontatzeaz gain, onena opa dizuegu. Ea era lasaian eta egokian bideratzen duzuen hondakina gutxitzearen prozesua, legazpiar guztion zorionerako.
Joxe Mari Auzmendi, Marijo García Goiburu, Monika Salvador Azurmendi eta Manu Agirre.
Legazpiar hernaniratuak