Atez atekoa, arazoa ala konponbidea?
Axier Irastortza (Ordiziako Sortu)
Duela hainbat hilabete Ordiako Atez atekoaren aurkako Plataformak, Bilduk eta EAJ/PNVk bilera bat izan zuten. Bilduk adierazi zuen defendatuko dutela birziklatze tasa altuenak lortu, zaborrik gutxien sortu, eta jasangarriena den sistema. Eta galdera hau egin zien gainerakoei: azterketek erakusten badute Atez atekoa dela sistema emaitzarik onenak lortzen dituena, parte hartuko al duzue udalak martxan jarriko lukeen prozesuan?
EAJ/PNVk aztoratuta ezetz erantzun zuen, azterketa teknikoak ezagutu aurretik erabakita baitzuen ezetz esatea Atez atekoari eta parte hartzeari, eta baietz errauskailuari eta herritarrak zatitzeari. Gezurrez eta manipulazioz baliatu nahi dute, herritarrak xaxatuta interes partidistak defendatzeko.
Honela, EAJ/PNVk bultzatutako hainbat kanpainatan «desobedientziara» deitzen dute. Baina desobedientzia al da Urdaneta kalean mozkortuta edo 100 km/orduko gidatzea? Oriara isuri toxikoak botatzea? Zure zakurraren kaka ez jasotzea ondoko ataritik? Eta, bilketa selektiboari uko egitea? Balkoietako zabor poltsek erakusten digutena da etxe horretan arazo bat sortzen dela eta bertako nagusiak ez duela arazo horren arduradun egin nahi. Bilketa selektiboak erakusten du arazo horrek baduela konponbiderik.
Plataformak berak egun hartan ez zuen galdera erantzun, baina berretsi zuten beraiek birziklatzearen alde daudela. Honela, atez atekoaren aurkako sinadurak biltzean, 5. edukiontzia erabiltzera konprometitzen ziren. Baina ordutik soilik 82 ordiziarrek eskatu dute edukiontzi marroiaren giltza.
Duela gutxi Spora enpresak Sasietak aginduta egindako azterketak frogatu du Atez ateko sistema dela bideragarriena eta %80tik gora birziklatzea ziurtatzen duela (5. edukiontziarekin %30). Eta Udalak martxa jarri behar du prozesu bat diseinatu eta definitzeko herrian ezarriko den gaikako bilketa selektiboaren sistema. Orain espero liteke Plataforma prest agertzea prozesu horretan parte hartzeko eta ez egitea bat EAJ/PNVk bultzatzen duen konfrontazioarekin.
Udalak dei egiten digu herritarroi jarrera arduratsu eta eraikitzailearekin parte har dezagun martxan jarriko duen prozesuan. Konponbideen garaia da, ez konfrontazioarena.