Euskal Herriko Itzuliaren inguruan eskerrak
Beasaingo Udala
Beasaingo Udaletik herritar guztiak zoriondu nahi ditugu 53. Euskal Herriko Itzuliak Beasainen parada egin izanak ekarri dituen zailtasunak eta eragozpenak ulertzeagatik. Herritarrek pazientzia handia izan dute horrelako ekintza bat antolatzeak suposatu dituen aldaketa guztiak ulertzen eta errespetatzen. Eskerrak eman nahi dizkiegu herritarrei erakutsi duten pazientziagatik.
Bestalde, Loinatz Txirrindulari Elkartea ere zoriondu nahiko genuke, erakutsi duen antolakuntzagatik eta guztia primeran ateratzeko egin duten esfortzuagatik; 300 pertsona baino gehiago ibili dira boluntario antolakuntzan laguntzen, eta zenbaki esanguratsua da herrigintzari begira. Guztion inplikazioarekin ateratzen ditugu aurrera proiektuak, eta oraingoan ere horrela izan da. Paregabea izan da jarritako gogoa eta ikaragarria egindako lana!
Udaleko lanei dagokienez, zerbitzuetako langileek egindako lanak (prentsarako aretoa eta epaileentzako gunea prestatzea, besteak beste) aipatu behar ditugu.
Bestalde, trafikoa ren kudeaketa izan dugu buruhausterik handiena. Udaltzaingoa erabat murgilduta izan dugu lan honetan, eta Udal Gobernuak eskerrak eman nahi dizkie bi lan talde hauei eta baita antolakuntzan parte hartu duten gainontzeko udal teknikari eta langile guztiei, egindako lanarengatik.
Azkenik, herritar eta gainontzeko pertsonen jarrera eskertu nahiko genuke, txirrindulariak animatzen jarritako gogoagatik. Beasaingo Udalaren izenean, era batera edo bestera Euskal Herriko Itzuliaren antolakuntzan parte hartu duzuen guztiei ZORIONAK ETA ESKERRIK ASKO!