Gutuna: "Zabor poltsak direla eta"
Aitzol Garmendia (Lazkao)
Lazkaoko herria zabor poltsez apaintzen ari den une honek, buruari buelta batzuk eman eta hausnarketa txiki batzuk plazaratzeko gogo bizia jarri didanez, hona hemen nire galdera, duda eta ideien jarioa:
Nola da posible, zabor poltsak jartzeko kanpaina egiten ari den alderdi politikoaren arrazoia 5. edukiontziarekin birziklatu nahi izatea, bultzatzaileren batek edo bestek txartelik ere ez dutenean erabiltzeko?
Arazoa guk herritarrok sortzen dugu, lurretik ustiatzen ditugu gero kontsumitzen ditugun lehengaiak eta behin erabili ondoren behar ez ditugunean, behar bezala bereizi, birziklatu eta lurrari ez badizkiogu itzultzen gaur egun dauzkagun arazoekin aurkitzen gara. Zein dira arazo horiek? Zabortegi kutsakorrak gainezka ditugu, %81 birziklagarria den materialez bete ondoren, hau da, lehengaiak alferrik bota ondoren. Eta orain zer? Orain arte zabortegira bota diren lehengai horiek guztiek, batzuek erre egin nahi dituzte kutsakorra den erraustegi batean. Norbaitek nahi al du bere etxe ondoan horrelakorik? Zergatik %85 birziklatzen duten usurbildarrek, %40 birziklatzen duten lazkaotarren axolagabekeria jasan, beraien herrian erraustegia inposatuz?
Zabor poltsak jartzen ari eta birziklatzen ez duzuen herritarrak, benetan zilegitasunik ba al duzue, helburua birziklatzea duen sistema bilketa baten aurka modu horretan jarduteko? Ba al dakizue atez atekoari aurka egiteko modurik eraginkorrena organikoarentzat 5. edukiontzia erabili eta gainontzeko frakzioak bereiztea dela? Zergatik ez dute benetan horren aldeko kanpaina egiten? Akaso helburua, Bilduren udal gobernua politikoki desgastatzea da, 5. edukiontzia aitzakia moduan erabiliz eta atez atekoaren inguruko gezur eta beldurrak zabalduz? Arazoa, bilketa sistemaren erosotasuna eta itxura da edo birziklatzeak duen lanak arduratzen du benetan jendea?Zergatik atez ate biltzen den herrietan ez dute kontrako kanpainarik egiten, hain sistema txarra eta zikina bada?
Nik ezagutzen dut atez ateko bilketa sistema, Usurbilen eta Hernanin ikusi dut nola biltzen den eta benetan nire begiekin ikusi dut esfortzu txiki batekin gauzak ondo egin daitezkeela, atez atekoak esfortzu txiki bat egin ondoren emaitza onak ematen dituela. Beraz, goazen saiatzera eta eman aukera bat atez atekoari.