Urretxutik
Iñaki Zabala alkate ohia eta sozietateko lehendakaria, Gorka Garmendia eta Joxe Mari Lete zinegotzi ohiak eta sozietateko kontseilariak, eta Marian Ostiza eta Lourdes Beloki zinegotzi ohiak.
Azken egunetan udal gobernutik eta oposiziotik (PNV, PSE, H1) udalaren gestioaz zabaldutako berrien aurrean, aurreko legealdian (2007-2011) udalaren jestio arduradun eta zinegotzi izandako emakume eta gizonak ondorengo adierazpenak egin beharrean ikusten gara:
1) Ohore bat izan da Urretxuko herriaren alde lan egiteko aukera izatea; gogor lan egin dugu herriaren ondarea zaintzen eta haunditzen, eta oso harro gaudela egindako lanaz. Txukun eta argi utzi genituen udaleko eta Urretxu2020 sozietateko kontuak.
2) Gure legegintzaldia bukatu eta gero, 2011ko ekainetik aurrera, alegia, udalaren eta Urretxu2020an pasa denaz ez daukagula ezeren berri, zuzenean behinik behin, eta ez jakitea ez da izan guk nahi ez genuelako. Ordutik pasa denaren inongo ardurarik ezin zaigu bizkarreratu.
3) Ezin dugu onartu PNVk, PSEk eta H1ek inolako kudeaketa onaren leziorik ematea. Euskal Herrian norbaitek diru erabilera okerra egin badu, beraiek egin dute eta. Ez dugu ulertzen gaur egun Urretxu2020ko Administraritza Kontseiluan daudenak, eta PNVren ordezkariaren kasuan gutxiago (sozietatea dagoenetik bera bakarrik egon da Administraritza Kontseiluan denbora guztian), nolatan egin litekeen halako galdera maltzurra bezain demagogikoa: «Nola da posible, 2 urte eskasean, 500.000 € gastatzea» (Goiherriko Hitza 2013-4‐18), erantzuna badakitenean edo jakin beharko luketenean.
4) Bukatzeko, 2007an udalaren ardura hartu genuenean esandakoa berretsi nahi dugu: agian hanka sartu genezake baina eskua behintzat ez, eta hanka sartuz gero ateratzeko ez daukagu inongo erreparorik.