
Bareak elkartea ezagutzera emateko helburuarekin hainbat ekitaldi antolatu ditu Bareakek asteburu honetarako. Horietako bat azoka da. Bertan elkarteko bazkide diren 23 denda ari dira parte hartzen, eta jende askoren arreta piztu du. Dendari batek jakitera eman duenez, gaur jende gehiago ibili da goizean, arratsaldean baino, eta erosketa gehiago ere goiz partean egin dituzte. Bareakek antolatu duen azoka, ez da, stock azoka bat. Denboraldi honetako hainbat gauza dituzte salgai bertan: helduentzako zein haurrentzako arropa, oinetakoak, barruko arropa, gozoak eta pastelak, informatika alorreko gaiak, edergintza alorreko produktuak etab. Eskaintza bereziak ere aurkitu daitezke postuetan. Gaur azokara agertzerik ez duenak, bihar izango du horretarako aukera 11:00etatik 14:00etara bitartean eta 17:00etatik 20:00etara artean irekiko baitute. Beste hainbat ekitaldi, bihar Azoka ikusteaz gain, bihar puzgarrietan eta goming-ean ibiltzeko aukera izango dute haurrek eta gaztetxoek, Gernika pasealekuko pilotalekuan jarriko baitituzte goizean, 11:00etatik 14:00etara zein arratsaldean, 16:00etatik 19:0etara. Arratsaldeko seietatik aurrera berriz, txokolate jana egiteko aukera izango da. Zozketa ere ordu horretatik aurrera egingo dute, plaza azpian.

Asteburu honetan XIII. Artisautza Jardunaldiak ari dira egiten Ordiziako Beti-Alai pilotalekuan eta beraz, hainbat artisauen lanak daude erakusgai eta salgai: eskuz margotutako arropak, pitxiak, taila lanak, gerrikoak, lanparak, eskulturak… Aukera handia da, eta dagoeneko ordiziar zein bisitari asko igaro da pilotalekutik. Atzotik gaur eguerdira bitartean 700 lagun inguruk ikusi dute azoka. Artisauen lanak erakusgai zein salgai egoteaz gain, bi tailer ere burutu dituzte gaur 11:00etatik 13:00etara bitartean: eskuekin ehuntzeko tailerra eta ehungailuarekin egindako ehuna. Gaur arratsaldean beste tailer batean parte hartzeko aukera izango du jendeak, 17:30etik 19:30era bitartean fieltroaren erakusketa tailerra egingo baitute. Bihar ere irekita Gaur Ordiziara joateko aukerarik ez duena ez dadila kezkatu, bihar ere irekita egongo baita azoka, goizean, 11:00etatik 14:00etara bitartean eta arratsaldean, 17:00etatik 20:30era artean.

Akordioa lortuta, greba deialdia bertan behera uzteko erabakia hartu dute gaur goizean Majori kiroldegiko langileek. Adostutakoaren arabera, Igeriketa Lantzen enpresak atzeratutako soldatak ordaindu egingo dizkie langileei, eta astelehenetik aurrera, Iñaki Moiuaren Goierriko Kirol Teknikariak enpresa berriarentzat hasiko dira lanean, lehen zituzten lan baldintza beretan. Majoriko langileek jakitera eman dutenez 2010. urtean hasi ziren “gauzak okertzen” soldatak atzerapen “handiekin” kobratu baitzituzten. 2011ko uztailaren 29an Igeriketa Lantzen Majori kiroldegia kudeatzen zuen enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartu zen. “Hori dela eta, soldatak kobratu gabe gaude ekainaren erditik aurrera”, diote langileek. Greba mugagabea “Egoera jasangaitza” bilakatu zela eta, urriaren 3an langileek, asanbladaren gehiengoarekin, urriaren 10etik aurrera greba mugagabeari ekitea erabaki zuten. Langileen aldarrikapenak soldatak kobratzea eta beraien egoera “normalizatzea” ziren. Langileek beraien auzian ardura duten alderdi guztiei mahai baten inguruan esertzeko deia egin zieten. Horrela joan den ostegunean, urriaren 6an, batzarra egin zuten Igeriketa Lantzen enpresak, administratzaile konkurtsalak, Ordiziako Udalak eta Majori kiroldegiko langileek, beraien ordezkari sindikalekin batera. Akordioa Langileek jakitera eman dutenez, atzo iritsi ziren akordiora. Ordiziako Udalak eta Igeriketa Lantzen enpresak Udalak enpresa horrekin zeukan kontratua etetea, eta langileei soldatak ordaintzea adostu zuten. Bestalde, langileek soldatak kobratzeaz gain, astelehenetik aurrera Goierriko Kirol Teknikariak enpresa berrian hasiko dira lanean. Hori dela eta, gaur goizean langileek kiroldegian egin [...]

Gaur gazteak dira jaun eta jabe Zaldibian, Santa Fe jaien barruan beraien eguna ospatzen ari baitira. Eguerdian, 13:00etatik aurrera nesken sokatira txapelketa jokatu dute. Herritarrez osatutako neska taldeak Anoetako taldea izan du aurkari. Udaran bota zieten erronka zaldibiarrek anoetarrei, eta haiek baiezkoa esan zieten. Gaur izan du talde batak zein besteak beraien abilezia agerian uzteko aukera. Jende ugari bildu da norgehiagoka ikusi asmoz: Zaldibiako zein Anoetako helduak, gazteak eta haurrak. Berdintsu ibili dira biak ala biak, baina azkenean anoetarrek irabazi dituzte bi ekinaldiak. Gaur galdu arren, datorren ekainean, Anoetako jaien barruan, hartuko omen dute errebantxa goierritarrek. Zaldibiarrek dena den anfitrioi onak direla erakutsi dute, eta anoetarrak bazkaltzera gonbidatu dituzte. Lehia bukatu eta gero, pilotalekuan bazkarirako mahaiak eta aulkiak jartzen aritu da gazte talde bat. Gainerakoek triki-poteoa egin dute herriko tabernetan zehar. 14:30ak inguruan berriz, bazkaldu egin dute 110 gazte inguruk. Gazte batek irribarrez azaldu duenez, hainbat herritarrek lagundu diete menua prestatzen “gaur fundamentuz arituko zenik ez baitzen gure artean”. Makarroiak tomatearekin, albondigak saltsan eta postrea jan dituzte. Nahi zuenak kafea eta kopa hartzeko aukera ere izan du. Bazkal ondoren Gartxot kantautorearen laguntzarekin kantu herrikoiak abesten aritu dira. Giro ezin hobea sortu da Zaldibiako gazteen artean. Iluntzean manifestazioa Iluntzean, 20:00ak aldera [...]

Ricardo Remiro Eulateko (Nafarroa) gaztagilea izan da Ordizia Txapeldun gazta lehiaketa irabazi duena, gaur eguerdian. Lehiaketa horretan, azken hamar urte hauetan Ordiziako Ardi Latxaren Gazta Lehiaketan lehen saria jaso duten gaztagileek parte hartzen dute. Bigarren postua Ricardo Remirok berak eskuratu du, eta hirugarrena Pascual Lopez de Uraldek. Lehiaketari 11:30etan eman diote hasiera Ordiziako plazan. Lehiakideen artean zeuden: Pascual Lopez de Uralde (Larrea), Angel Errasti (Azpeitia), Jesus Ansola Mausitxa (Elgoibar), J. Aranburu elkartea (Idiazabal) eta Ricardo Remiro (Eulate). Jesus Ansola Mausitxak 3 gazta lote aurkeztu ditu hiru urtetan iraileko Gazta Lehiaketa irabazteagatik, J. Aranburu elkarteak eta Ricardo Remirok bina gazta lote eta gainerakoek bana. Hiru atal baloratu dituzte Epaimahia Marta Albisu eta Patxi P. Elortondo Idiazabal Jatorri Izendapeneko teknikariek, Mikel Soro Diario Vasco-ko kazetariak, Joxean Eizmendi Donostiako Illarra jatetxeko sukaldariak, Ana eta Irene Usabiaga ordiziako txirrindulariek, Roberto Ruiz Tolosako Fronton jatetxeko sukaldariak eta Tito Irazusta Tele-Donostiko zuzendariak eta kazetariak osatu dute. Hiru ataletan banatu dute beraien puntuazioa. Lehenengo kanpoko itxurari erreparatu diote. Ondoren gazta moztu eta kolorea, zuloak eta prentsatua nolakoak dituen aztertu dute, eta azkenik zaporea, jan eta gero ahoan uzten duen zaporea eta usaina baloratu dituzte. Azken atal horrek du garrantziarik handiena. Behin lehiaketara aurkeztutako gaztak dastatu eta gero, epaimahairen [...]




