Azpeitia eta Jauregi, txapelik gabe baina pozik Urrezko Parrila lehiaketan

Txapelik gabe, baina oso pozik itzuli dira Iker Azpeitia eta Xabier Jauregi Urrezko Parrila lehiaketatik. Atzo goizean jokatu zen Donostiako Reale Arenan, eta legazpiarrak, parte hartu zuten hamasei bikoteetatik bat ziren.
“Ez genuen irabazi, baina esperientzia polita bizi genuen”, adierazi du Azpeitiak. Aurkarien maila ikusita, “gu parrila kontuetan igandezale batzuk, afizionatu hutsak gara. Sukaldean aritzen gara, eta parrilan erretako haragia eta arraina jan bai, baina oso gutxitan prestatu ditugu, gutxitan egin ditugu parrilak”. Hala ere, lehiaketara probatzera joan ziren, “esperientzia hori bizitzeko”. Han, elkarteetan eta txokoetan parrilan ohitutako jendea zegoen, “gu baino abilagoak ziren”.
Baina “gustura” aritu ziren, eta “gauza batzuk ikasi genituen, eta datorren urtean eta horrelako beste aukeraren bat izaten dugunean, badakigu zer hobetu”. Igandekoa bezalako aukerak gutxitan egoten direla aitortu du Azpeitiak, eta “aprobetxatu egin behar dira!”.
Azpeitiko Jokin Izagirrek eta Jon Solozabalek irabazi zuten txapelketa.