Kilometroak hasierara itzuli da
Lazkaoko Ikastolak antolatu du 50. Kilometroak. Iganderako egun osoko egitaraua prestatu dute. Irekiera ekitaldia 10:00etan izango da, DBHko eraikinean.
Mende erdi bat beranduago, 1977. urteko urriaren 16an, Gipuzkoako ikastolen aldeko Kilometroak jaia sortu eta ospatu zen tokira itzuliko da igandean Kilometroak. 1977an Lazkaoko eta Beasaingo ikastolen artean antolatu zuten, eta festa eta ibilbidea ere bi herrietan izan zen. 50. ekitaldia, molde berrira egokituta, Lazkao hirigunean ospatuko da Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia, Ibilian-ibilian, buelta lelopean, lau gunetan banatuta. Euskara eta euskal kultura oinarri, euskal hezkuntza sistema nazionala aldarrikatuko dute.
Aurtengo Kilometroak ez da «edizio arrunt bat» izango, Irantzu Amundarain Lazkaoko Ikastolako lehendakariak azpimarratu duenez. «Mende erdiko ibilbidea ospatzeko aukera paregabea ez ezik, urte hauetan guztietan euskararen, hezkuntzaren eta herrigintzaren alde lanean aritu diren pertsonak omentzeko eguna ere izango da».
Irekiera ekitaldia
Lazkaoko eta Goierriko txistularien eta Lazkaoko joaldunen goizeresiaren (09:00etan) ondoren, 10:00etan, irekiera ekitaldia egingo dute Ikastolako DBHko eraikineko jolastoki estalian. Xeber Maiza koordinatzaileak aurreratu duenez, «ikastolekin edo Kilometrokin harreman zuzena duten erakundeetako ordezkariak izango dira. Jaurlaritzatik, foru aldundi eta udaleko ordezkariak, euskalgintzakoak…».
Bestalde, «herri mailan ere gonbidatu ditugu urte osoan zehar hainbeste lan egin duten herriko eragileak. Maiatzaren 9an omendu genituenak…». Azkenik, 50. Kilometroak «mugarri bat markatzen duen zerbait dela» nabarmendu nahi dutenez, beste omenalditxoren bat ere izango dela aurreratu du Maizak.
Babesa, «sekulakoa»
Herriko ikastetxe bakarra da ikastola, 778 familiatako 1.214 ikaslek eta 115 langilek osatua. «Ikastola herriaren erdigunean dago, komunitate handi baten bihotza» da. Komunitatearen partaidetza sendotzea eta atxikimendua areagotzea izan da aurtengo Kilometroen helburuetako bat, eta dagoeneko helburua bete dutela dio Maizak. «Egia da urte osoan jende asko mugitu dela. Familiak eta langileak inplikatuta ikusi ditugu. Hasieran markatutako espektatibak gainditu ditugu. Zentzu horretan oso gustura gaude jasotako erantzunarekin. Espero genuen horretatik, goitik esango genuke ibili garela».
Bestalde, egun handiaren antolaketan 980 boluntario ariko dira lanean, herrikoak zein eskualdeko gainerako ikastoletakoak. «Eskerrak eman beharrean gaude denei», dio Maizak. «Beasainera eta Ordiziara joan garenean tonbolarekin, izan dugun erantzuna sekulakoa izan da. Iganderako boluntario askok eman dute izena, bai Beasaindik eta bai Ordiziatik. Beasain eta Ordizia aipatu ditut, gertueneko ikastolak horiek direlako. Baina Zumarraga-Urretxu ikastolatik ere jaso dugu laguntzeko boluntario zerrenda. Bailarako ikastolei beraz eskerrak eman, esku bat bota izanagatik».
Gerturatzeko deia
Igandean festara gerturatzeko deia egin die goierritarrei, ikastolen jaiarekin bat eginez. «Festan denontzako programazioa pentsatuta dago eta denon gustuko gauzak daude. Plan polita izan daiteke. Erraz gerturatzeko herri bat da zentzu horretan. Gonbidatu denak festara etor daitezela eta disfrutatu dezatela».
Festa guneen muntaketa lanak hasita daude, igandean, milaka eta milaka euskaltzale hartzeko. Eguraldi iragarpena gainera, 2003an ez bezala, badirudi, aldeko izango dute lazkaotarrek.
Egitraua
1. Gunea. Iturralde aparkalekua
11:00-12:00. Edu Zardoya.
12:30-13:30. Skabidean.
14:00-15:30. Muxutruk.
16:00-17:00. Nafarroa 1512
Ondoren: Suthai Batukadarekin gunearen itxiera.
2. Gunea. Lazkao Txiki plaza
11:00-12:00. Oin Arin dantza taldea.
12:30-13:30. Herri kirol desafioa: Lazkaomendi Urretxuren aurka.
13:30-14:30. Bertsolariak.
15:00-16:00. Sukia eta Marki trikitlariak.
Egun osoan zehar: euskal kultura eragileak, Eusko Label, Erronka, Lazkao Txiki Musika Eskolako trikitilariak….
3. Gunea. Ikastola / plaza.
09:00-10:00. Goizeresia txistulariekin eta Lazkaoko joaldunekin.
10:00-10:30. Irekiera ekitaldia. (Ikastolan, DBH eraikinean).
11:00. Jtk joaldunak.
12:00-13:00. Trakamatraka (udaletxe aurrean).
13:30-15:00. Goxua’n salsa.
15:00-17:00. Zutik elektrotxaranga.
17:30-19:00. Gozategi (Alaitz eta Maider gonbidatuak).
Herri bazkaria 13:30etik 16:15era, Ikastolako Lehen Hezkuntzako jolastokian.
Egun osoa zehar: puzgarriak, Laboral Kutxa, Makusi, Kaiku, Eroski Elikadura tailerra, Lemniskata, artisau azoka, Enparantza irratia (Hirigoien kalean), talotegia (frontoian), Erronka…
4. Gunea. Hirigioien plaza / Gurutze kirolgunea
10:00-10:45. Erronka irekiera.
11:00-12:00. Dj Kaktus (haurrentzat).
12:00. Buruhaundi eta erraldoien konpartsaren irteera.
12:30-13:30. Esanezin.
14:00-15:00. Eider Saez.
15:30-16:30. Goazen.
Ondoren. Jun da Jo txarangarekin gunearen itxiera.
Egun osoan zehar, Real Sociedad Fundazioa, Euskaltel…













