Komunitatean ospatzen ari dira Igartubeitiren 25. urteurrena
Bazkaria egin dute Igartubeitiko lorategian, trikitilariek lagunduta. Ekimena Sagardo Astearen baitan ari dira egiten.
Jangela inprobisatu bihurtu da gaur Igartubeiti baserri museoko lorategia. Josune Zarandona Igartubeiti baserri museoa Sagardo Aste betean da. Asteazkenean eman ziote hasiera, urteko ekimen garrantzitsuena den honi. Urriaren 17ra bitartean, dolarea martxan ikusteko urteko aukera bakarra izango da eta makina bat ekimen antolatu dituzte Sagardoa Route-ekin elkarlanean.
Sagardo Astearen baitan, Igartubeitiren 25. urteurrena ospatzeko festa ere egiten ari dira asteburu honetan. Mende laurdeneko ibilbidea komunitate osoarekin ospatu nahi dute eta horretarako bisitarientzako bazkariak antolatu dituzte larunbatean eta igandean.
Gaur, larunbata izan da lehendabizikoa. 87 pertsona izan dira gaur Sagardo Astearen baitan antolatzen dituzten sagar jotzeak ikusten. Horietatik 34 bazkaltzen gelditu dira, eguraldia lagun, Igartubeitiren lorategian inporbisatu duten jangelan. Bazkalordua girotzen Arandia anaiak trikitilariak izan dira. Bihar, beste horrenbeste bisitari izango dira bazkaltzen, eta Elustondo anai-arreba trikitilariak izango dira egunari musika jarriko diotenak.
Askotariko ekintzak
Egun hauetan Igartubeitira hurbiltzen direnek, zenbait erakusketa ikusteko aukera ere izango dute. Interpretazio zentroan ikusgai dagoen “Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain” erakusketak, mendeetan zehar Euskal Herriko egoera ekonomiko eta sozialetara egokitzen eta eraldatzen jakin duen arkitektura gisa erakusten du baserria. Eta Igartubeitiko sagarrondoetako sagar mota ezberdinen erakusketa ere ikus ahal izango da.
Ingurumen jasangarritasuna
Igartubeiti Baserri Museoak jasangarritasunaren aldeko apustuan lanean jarraitzen du, eta aurtengo Sagardo Astea Erronka Garbia ingurumenaren jasangarritasun planaren baliozkotzearekin egingo da. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza departamenduak eta Ihobek bultzatzen duten programa da Erronka Garbia, eta ekitaldiak, diseinatzen diren unetik amaitzen diren arte, modu jasangarrian ospatzea du helburu.
Jardueren programa:
Igartubeitiko dolarea martxan
-
Egunak: urriak 7, 8, 9,13, 14, 15 eta 16
-
Ordua: 11:30ean
Igartubeitiko dolarea martxan Kirikoketa erritmora
-
Egunak: urriak 10, 11, 12 eta 17
-
Ordua: 12:00etan
Antzezpenak baserrian
-
Egunak: urriak 10 eta 17.
-
Orduak: 10:45 gaztelaniaz, 11:15 euskaraz eta 11:40 gaztelaniaz.
-
Egunak: urriak 11 eta 12.
-
Orduak: 10:45 euskaraz, 11:15 gaztelaniaz eta 11:40 euskaraz
Bazkaria erosteko aukera
-
Egunak: urriak 10 eta 11
Trikitilariak:
-
Egunak: urriak 10 eta 11
-
Ordua: 15:00-16:00
Legazpiko Langileen Ibilbidera bisita gidatua
-
Urriak 10 eta 17, 17:00etan
Jardueretarako lekuak mugatuak dira eta aurrez izena eman behar da parte hartzeko.
Izen ematea: 943 72 29 78 / 72 51 07 telefonoetan edo igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidean.












